Txapelketen sasoia

2017.urtea txapelketa urtea dela esaten da. Udazkenean izango da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia. Baina udazkenerarte itxaron beharrik gabe, han eta hemen badago txapelketez gozatzeko aukera. Araban eta Nafarroan banakako txapelketak jokatuko dira eta Gipuzkoan eta Bizkaian taldekako txapelketak antolatu dira.

Arabako sarea

Otsailaren 5ean Langraizen abiatu zen eta  apirilaren 1ean bukatuko da Gasteizko Printzipal Antzokian. 18 bertsolarik parte hartuko dute.

Sei finalaurrekoetan egituratu da: Langraizen, Zigoitian, Dulantzin, Legution, Laudion eta Aramaion. Horrela, 18 bertsolarik parte hartuko dute; 2015eko 5 finalistek eta 2016an jokatutako kanporaketetan sailkatutakoek. Sei finalaurreko hauek bi itzulitan banatuko dira. Bertsolariek bi finalaurrekoetan kantatuko dute eta bi saioen arteko puntu batuketak emango die finalean abesteko aukera. Lehenengo sei sailkatuek kantatuko dute Printzipal Antzokian.

Gipuzkoan herriartekoa

Finala maiatzaren 27an izango da Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan

Guztira, 38 taldek eman dute izena. Talde bakoitzak gutxienez sei partaide behar ditu: Taldearen ordezkaria, gai-jartzailea, epailea eta hiru bertsolari.

Herriartekoak lau fase izango ditu:

  • Lehen fasea: otsailaren 3tik martxoaren 12ra. 38 taldeak 12 multzotan banatu dira. Multzo bakoitzetik talde bakarra sailkatuko da hurrengo fasera.
  • Bigarren fasea: Aurreko fasetik sailkatu diren 12 taldeak lau multzotan banatuko dira eta multzo bakoitzetik bat sailkatuko da finalaurrekoetarako.
  • Finalaurrekoak: maiatzaren 6an eta maiatzaren 13an izango dira. Bakoitzean bi talde ariko dira lanean.
  • Finala: maiatzaren 27an izango da, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan.

Nafarroako Bertsolari Txapelketa

Otsailaren 18an hasi da Tafallan, eta apirilaren 8an izango da finala Iruñeko Anaitasunan. 35 bertsolarik eman dute izena aurtengo txapelketan.

Bost final-laurden jokatuko dira Tafallan, Auritzen, Lakuntzan, Iruritan eta Uharten. Horietan sailkatzen diren 18 bertsolariek finalaurrekoak jokatuko dituzte, Beran, Antsoainen eta Agoitzen. Zortzi sailkatuek jokatuko dute final handia, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian, apirilaren 8an.  Final horretako lehen bost sailkatuek udazkenean abiatuko den Bertsolari Txapelketa Nagusian parte hartzeko aukera izango dute.

Bizkaiko Taldekakoa

Lehenengo fasean 30 taldek parte hartuko dute, eta hiru talde helduko dira ekainaren 3an jokatuko den finalera.

Taldeak gutxienez sei parte hartzailez osatuta izango dira: hiru bertsolari, epaile bat, gai-jartzaile bat eta laguntzaile batez osatuko dira. Hiru talderen artean jokatuko dira saioak, eta batek egingo du aurrera, hurrengo fasea jokatzeko.

Taldekakoaren helburua nagusia Bizkaiko oinarria indartzea da, eskualde eta bertso eskolen arteko elkargune ludiko bat sustatzea.

Parte hartzaileen perfila anitza da oso: 200 lagunetik gora batu ditu ekimen berri honek, eta horien artean daude oso gazteak direnak, beteranoak, aspaldi bertsotik aparte ibili direnak, hasiberriak, taldean Elkarteko lehendakari ohiak, Bizkaiko Txapeldunak, Txapelketetan parte hartu dutenak, edo sekula parte hartu ez dutenak.

 

 

Iñaki Iturriotz

2017, Otsaila 17
Arloa: Bertsoleku