Hitz itzulezinak

 

Neska-mutil bikote bat ibaian igeri ari zen. Neska kirolaria zen, mutila, ordea, igerilari eskasa. Neskak biziki maite zuen mutila eta nabarmen ez uzteko, mutilak bezain mantso egiten zuen igeri. Baina ibai ertzera iristen ari zirela, kirolzaletasunak gainezka egin zion eta besakada sakonetan hurbildu zen ertzerantz. Mutilak bizkorrago joateko ahalegina egin zuen, eta ura irentsi zuen. Umiliatua sentitu zen, fisikoki hain egoera onean ez zegoela nabarmendu zen eta lítost sentitu zuen.

Milan Kunderak idatzi zituen hitz horiek, El libro de la Risa y el Olvido liburuan gaztelaniaz jasota daude ia guztiak. Ia. Bada hitz bat, lítost, jatorrizko txekieraz agertzen dena, itzuli gabe. Bat-batean norberaren miseriaz jabetzean sentitzen den agonia adierazten du. “Hitz honen ordezkoaren bilia aritu naiz beste hizkuntza batzuetan, baina alferrik” esan zuen Kunderak, “zaila iruditzen zait inork gizakion arima ulertu ahal izatea hitz hori gabe”.

Hizkuntza bakoitzak bere adierak, hitzak eta itzuli ezin diren adierazpenak dauzka, litost horietako bat da.

Alemanak, esaterako, bertako topikoak betetzen dituen hitzak ditu: Torschlusspanik zahartzen goazen heinean aukerak gutxitzeak ematen digun beldurra adierazten du, eta, freizeitstress, aisialdiak eta aisialdia betetzeko egiten ditugun jarduera guztiek eragiten diguten estresa.

Bada beste hitz bat ere, beste hizkuntza batzuek mailegu hartu dutena, schadenfreude. Hitz horrek beste inoren sufrimendua ikustean pizten zaigun nolabaiteko gozamena adierazten du. Ez da sadismoa, ez da inbidia, tarteko hitz bat da, eta oso ondo adierazten du jende ospetsuaren gainbehera ikusteko nahia, beste inor lurrera erortzen ikustean sortzen zaigun barrea edo filmaren amaieran “gaiztoak” merezi duena jasotzen duela ikustean sortzen zaigun poza.

Baina hitz horren antonimoa aurkitu nahi badugu, planetaren beste aldera joan behar dugu, eta mudita, kontzeptu budista aurkituko dugu: beste inoren zorionak eragiten duen zoriona, alegia.

Japonierak ere badu bertakoen langile-kultura adierazteko hitzik, adibidez, kyoikumama, seme-alabak emaitza akademiko onak lortzeko gupidarik gabe estutzen dituen ama; edo gaman, bizitzako eragozpenei aurre egiteko erabakimena, gaindiezinak diruditen erronkei aurre egiteko.

Baina lanarekin eta psikologiarekin lotutako Japoniako hitz bitxiena, zoritxarrez, modan dagoen karoshi hitza da, laneko estresak eragindako heriotza, alegia.

Filipinetan gigil hitzarekin adierazten dute amona guztiek, ilobak altzoan hartzean, benetan samurra den zeozer hozkatzeko edo zimikatzeko sentitzen duten gogoa.

Tartle Eskozian erabiltzen dute, norbait aurkeztera joan eta zer izen duen gogoratzen ez duzuneko une hori adierazteko.

Boh italierako adierazpenik zehatzena izango da agian, hiru letratan tutik ere ez dakizula adierazteko balio du.

Arabiarrak erromantikoagoak dira; ya’burnee (zuk lurperatzen nauzu, hitzez hitz) hitza erabiltzen dute, maitearen galera ez sufritzeko, hura baino lehen hiltzeko nahia adierazteko.

Eta hizkuntza guztietan ditugu umezurtzak edo alargunak, baina seme-alaba bat galdu izana adierazteko hitza Israelen dute: shakul.

Frantsesez hitzak baino gehiago adierazpen bitxiak dituzte, eta oso kontzeptu zehatzak adierazteko gai dira, hala nola, erantzun egokia beranduegi denean lortzeko gaitasuna adierazteko l’esprit de l’escalier esaten dute, eta goiza ohean alferkerian emateari, grasse matinée.

Vladimir Nabokov berak ere –hainbat obra ingelesetik errusiarrera itzuli zituena– onartzen du hitz batzuek ez dutela zuzeneko ordainik, eta bat aipatzekotan toska aipatzen du, «ez dut aurkitu toska hitzaren adiera guztiak hartzen dituen hitzik», adierarik sakonenean larritasun espiritual handia adierazten du, batzuetan arrazoirik gabe sortua. Beste adiera leunago batean arimaren min sorra da, zerbaiten irrika, nostalgia, maitasun-pena. Eta mailarik baxuenean, asperdura hutsa.

Ella Frances Sandersek Lost in Translationen liburuan hitz bakarrean azaldu ezin diren kontzeptuak jaso ditu. Esaterako, Filipinetan kilig esaten diote sabelean tximeletak dituzulako sentsazio horri. Eta sentsazio hori amaitu denean, razliubit esaten diote errusiarrek: «maitasunaren amaiera, sentipen gazi-gozoa».

Egileari sarritar etortzen zaion hitza kalpa da: sanskritoko hitza, denboraren iragana eskala kosmologiko handian, adierazten duena, eta boketto ere bai, japonierako hitza: begirada urrunean galtzea ezer zehatzetan pentsatu gabe.

Hona hemen itzultzen zail edo ezinezko diren hitzen zerrenda bitxi bat:

Mamihlapinatapei

Yagan (Suaren lurraldeko indigenen hizkuntza, Argentina)

“Bi pertsonaren arteko begirada esanahiz betea, zerbait hasi nahi baina lehenengo pausoa ematen ausartzen ez direnean.”  

Jayus

Indonesia

“Oso gaizki kontatutako txistea, inongo graziarik gabea izanik gainera, barre besterik egin ezin duzunean”

Iktsuarpok

Inuit

“Inor badatorren ikustera irtetea” 

 

 Ilunga

Tshiluba (Kongoko hego-ekialdea)

Hitz hau ospetsua da ezin itzul daitekeelako, gehienek pertsona baten maila morala adierazten duela diote: “lehenengo ofentsa barkatzeko eta ahazteko prest dagoena, bigarrena toleratzeko ere, baina inola ere hirugarren bat onartu eta barkatuko ez duena”. 

Cafuné

Portugesa (Brasil)

“Atzamarrekin, eztiki, beste baten ilea orraztea” 

 

Wabi-Sabi

Japoniera

Hitz hau esaldi batean ikustean, honako hau ulertu beharko genuke: bizitzeko modu bat, bizitzaren inperfekzioetan edertasuna bilatzean eta hazkundearen eta gainbeheraren ziklo naturala lasaitasun osoz onartzean oinarritua.

 

Dépaysement

Frantsesa

Norberaren herrialdean ez egotearen sentimendua. 

 

Tingo

Pazko uhartea

Hitz bitxia, benetan: banan-banan uzteko eskatuta, lagun baten etxetik gustuko ditugun gauzak eramate.

 

Hyggelig

Daniera

Hitzez hitz esan nahi leku abegikor batean eroso sentitzea, baina hori baino gehiago da hitz horren esentzia. 

 

L’appel du vide

Frantsesa

Leku garaietatik salto egiteko premia larria.

 

Viraha

Hindi
Banantzearen bidez maitasuna aurkitzea. Batzuetan urrundu egin behar izaten dugu, mingarria izan arren, baina aldi berean, beharrezkoa izaten da pertsona horrekiko sentimenduak aurkitzeko.

letrArt

2017, Urtarrila 30
Arloa: Arteder