Aspertuta

Agurtzane Ormatza

Aupa Agurtzane!
Aspaldian nago zeuri idazteko baina lotsa be ematen zidan. Mutil laguna eta biok lau urte daramatzagu elkarrekin, eta pozik bagaude ere, badaramagu, denbora dexente harremanak izan gabe, gogo gutxi, edo aspertuta moduan.Azkeneko hilabetetan be zakilak ez du laguntzen askorik. Mutil lagunak ez du ezer esaten baina bera ere burumakur ikusten dut. Zer gertatzen zaigu? Aitor

Kaixo Aitor!
Eskerrik asko gugana jotzearren, norberak ez duenean bere barrena ondo ikusten ez da izaten erraza eta.
Bikote harremana, norberaren bizitza modura, hainbat ziklotatik pasatzen da. Ziklo batetik bestera joateko denbora behar izaten dugu eta gehienetan gora beheren edota krisialdiaren bidez egiten dugu. Erotika izaten da ispilu eder bat gure garapena begiratzeko. Sarri eremu horrek esaten digu nondik eta nora nahi dugun joan, hasieran argi ez badaukagu ere.

Egun bizitako esperientziak ulertzeko ezinbestekoa izango da alde batetik gure baita aztertzea eta bestetik harremana. Aldagai bi horiek emango dizkigutelako irtenbidea aurkitzeko behar ditugun pistak:

Gure baita aztertzerakoan. Noiztik nago NI horrela? Zerk aspertzen nau? Zer da benetan nahi dudana egin eta ez dut egiten? Zerk oztopatzen du nire bidea? Zer egiten dut

egoera hobetzeko? Egiten dudana funtzionatzen du? Gure harremana aztertzerakoan. Non kokatzen dut nire burua gure harremanean? Zer espero dot nire bikotekidearengandik? Zer uste dut berak nahi duela? Zelako jokaera edota jarrerak dira lagungarriak gure harremana pizteko? eta zeintzuk ez?

Askotan bikotekideek nahi gabe arazoa elikatzen dute. Ez da izaten erraza bion bizipenei bidea ematea baina ahal den neurrian inportantea da egoera honen bizipena bikotekidearekin konpartitzea, beldurrak eta lotsak baretzeko eta, elkarrekin aurre egiteko. Sarri konpartitzearekin bakarrik irtenbidea zabaltzen da. Gero daukazuen ortua erein eta pazientzia.

Krisiak beharrezkoak dira gure harremanaren eraikuntzan. Batzuetan bakoitzak bere bidea egin dezan, eta besteetan harremana bera sendotzeko gure bideak elkarrekin egiteko.

Lehen pausua emanda daukazu.

ANIMO!

Besarkada handi bat

agurtzane

Agurtzane Ormatza

2016, Uztaila 04
Arloa: Jo ta jo