53 urteko irabazlea

Iker Zabala

Har dezagun 20 urte bueltako gazte euskaldun kirolzalea. Era berdintsuan komunikabideek eskaitzen dituzten kirolen inguruko jakintza onargarria dauka, ez dio edozein kiroletako emanaldiei muzinik egiten (proportzio oso bestelakoetan kirolez kirol, “interes publikoaren” araberako neurrietan), albistegietan kirol tartea ez du sekula galtzen eta arretaz jarraitzen ditu euskal kirolariek proba ezberdinetan lortzen dituzten emaitzak, etxetik urruti gertatzen diren arrakastei (era inkonszientean ziur asko) gertu gertatzen direnei baino balio gehiago emanez. Bada, ziur asko gazte horrek apenas ezagutuko luke Martin Fiz bezalako korrikalaria. Hauxe akaso norberaren garaia baino lehen lehiaturiko kirolari gehientsuengana estrapolagarria litzateke, baina bada desberdintasun bat: Martin Fiz garaile handia izan zen…eta oraindik ere bada.

Kirolari bezala eztanda berandu iritsi izanagatik, euskal testuinguruko atletarik garrantzitsuenetarikoa da era nabarmenean. 3000 metroetako espezialista izatetik maratoiaren kategoriara egin zuen jauzi, 30 urteak gertu zituela, eta 42 kilometro pasatxo horietan eman ziren Fiz gasteiztarrak lorturiko erronkarik distiratsuenak. Historiarako geratu dira bai 1994an Helsinkin lorturiko Europako txapelketako urrezko domina, eta urtebete beranduago Goteborg-en Munduko txapelketa, bere ibilbideko punturik gorena ezbairik gabe. Joko olinpikoetan dominarik lortu ez izana da (Atlantan 4. postua da bere markarik onena) arabarraren arantza, baina erretiro profesionala hartzean harro egoteko moduko kartila bazuen Fizek.

Bada, kirolari batzuen erretiroa erlatiboa izaten da. Korrika egitea bezalako disziplinetan bada bizitzarik jubilazio garaian, eta zapatilak ez dira erabat zintzilikatzen. Hala, Martin Fizek korrika egiten jarraitu du. Beste intentsitate baten, norberari egiten zaizkion esigentziak metatuz. Munduan diren maratoi esanguratsuenetan gailentzea hartu zuen xedetzat korrikalariak, 50 urtetik gorako kategorian. Sei maratoiotan milaka pertsonak hartzen dute parte, eta abentura borobiltzea biziki konplikatua da, baina Fizek, sasoi zoragarria erakutsita, primerako errendimendua adierazi du: New York eta Tokioko maratoietan garaile suertatu zen, bere aurkari garaikideekiko nagusitasun nabarmena adieraziz. Hirugarren erronka, ziur asko munduan den maratoi famatuenean, Bostonen. Esperientziak ematen duen jakituria eta dosifikazioa erabilita Fizek berriro ere lortu zuen, eta bere aurkariak oso atzean utzita, hat-trick borobiltzea lortu du.

Berlin, Chicago eta London geratzen zaizkio euskaldunari miragarria litzatekeen Golden Slama lortzeko. Berez ezingo da aurtengoan izan, Bostoneko eta Berlineko probak egutegian gertuegi baitzeuden ezarriak bietan jardun ahal izateko. Baina erronka 2017an bukatzea du buruan sartuta Martin Fizek. 53 urterekin ez baitago arrakastak irits daitezelaren presarik.  

Iker Zabala

2016, Apirila 19
Arloa: Kirolak