Elkar diskoetxearen nobedadeak

Udaberriarekin batera Elkar diskoetxeak urtero legez nobedade ezberdinak aurkezten dizkigu. Petti Berako kantariaren aurreko diskoak Hotsak zigiluak plazatu zituen, orain Petti & Etxeko Uzta taldearen lan berria Elkarren eskutik argitaratuko da. Joseba Irazoki, Iñigo Telletxea eta Igor Telletxea musikariak izango ditu lagun lan berrian. Blues eta rock doinuak hizpide izanda, ahots sakona eta esaguratsua du Pettik eta barrutik ateratzen dituen istorioei abesten die, zeintzuk bizitza zailen memoriak daramatzaten, sentimendu zatikatuak, pasioak eta ametsak agertzen dituzten

“Txerokee. Mikel Laboaren kantak” lana Herri Urrats ospatuko den egun berean berrargitaratuko da. Jose Luis Zumetaren azala duen diskoa klasikoa bat da euskal musikan.  Duela 25 bat urte, hainbat talderen ekimenaren ondorioz sortutako diskoa eta proiektua da, Iparraldeko Seaska Ikastolen mugimenduarentzat dirua lortzeko egindakoa. Fabrikazio bakarra egin zen eta geroztik deskatalogatuta egon da urteetan. Lan honetan garai hartako talde esanguratsu batzuk ageri dira: Negu Gorriak, Delirium Tremens, M-ak, Su Ta Gar, Pottoka… Mikel Laboaren kantak bertsionatuz.

Berargitalpenekin jarraituz, “Ifarraldeko Kantu Zaharrak” LP bikoitza cd euskarrian aurkeztuko da. Aurtengo azaroan 40 urte beteko dira Xalbador bertsolaria hil zenetik. Disko hau oso berezia da, garai hartan Iparraldeari buruz gauza gutxi jakiten baitzen Hegoaldean eta disko honi, eta orduko beste kantari batzuei esker (Benito Lertxundi, Mikel Laboa, …), sartzen hasi zen Hegoaldean Iparraldeko lirikaren indarra.

Gotzon Uribe

2016, Apirila 12