Segurtasuna poltsikoan

Eguneroko komunikazioen parte integrala dira sakelako telefonoak. Sakelako guztiek eskaintzen dituzte ahots eta testu mezu zerbitzuak. Gailuen tamaina txikiak, prezio erlatiboki baxuak eta erabilera aukerek ia ezinbesteko bilakatu dituzte, bai lanerako, zein komunikatzeko, antolatzeko, aisialdirako...

Signal aplikazioa

Signal komunikazio segururako software libreko aplikazioa

Gailu mugikor berri eta adimendunek (smartphone-ek) are funtzionalitate gehiago eskaintzen dizkigute. GPSa izan dezakete, multimedia gaitasuna (argazkiak, bideoak eta audioa), datu prozesamendua eta Interneterako sarbidea. Hori dela eta, orain ez ditugu sare mugikorrak jartzen zizkigun erronkak bakarrik aintzat hartu behar; horiei Internet gure sakelakoan edukitzeak sortutako erronkak gehitu behar dizkiegu. Segurtasunari dagozkion erronkak dira, erabiltzaileen pribatutasunari eta integritateari dagozkionak, zehazki, informazioari eta komunikazioei eragiten dietenak.

Helburua gure burua babestea da, baita gure kontaktuak eta gure datuak ere. Kontziente izan behar dugu zein den gordetzen dugun informazioa, bai modu pasiboan zein aktiboan. Sakelakoan gordetako informazioak erabiltzailea bera inplika dezake, baina baita bere helbideetan, mezuetan, argazkietan.. ageri diren guztiak ere.

Praktika on gutxi batzuk

  • Mantendu gailua beti hurbil eta ondo zaindu. Segurtasun lehen neurria fisikoa ere bada.

  • Gailuaren eta SIMaren sarbide kontrola erabili. Mekanismo hauek (kodeak, patroiak...) isilpean gorde.

  • Atzipen kontrolaz gain, aplikazioetarako sarbidea ere kontrola dezakegu, bereziki zenbait aplikaziotan. Gailuaren barne datuak zifratzeko aukera ere ematen duten gailu askok, informazio garrantzitsua baduzu, erabili. Gailua galduz gero, edo norbaitek lapurtzen badizu, zure datuak ikusteko eta aplikazioetara sartzeko zailtasun gehiago izango ditu.

  • Zure gailua norbaiti oparitu, eman, salduz gero, edota konpontzera eramaten baduzu, aurrez informazio garrantzitsua ezabatu edota telefonoa berrasieratu. Gogoratu informazioa barne memorian, kanpoko txarteletan edota SIMetan gordetzen dela.

  • Zure gailuko informazio garrantzitsuaren babeskopiak egin, eta kopia horiek toki seguruan gorde.

  • Aintzat hartu aplikazioek datuak sinkroniza ditzaketela on line zerbitzuekin (mezuak, epostak, kontaktuak, ekitaldiak...). Ez da gomendagarria datu horiek sinkronizatzea, zerbitzua oso-oso fidagarria ez bada behintzat. Eta, hala ere, egunero antzematen dira segurtasun akatsak, beraz, ez da komeni informazio delikatua kanpoko zerbitzuekin sinkronizatzea.

  • Ahalik eta aplikazio gutxien erabili, eguneratuta eduki, behar ez dituzun aplikazioak ez instalatu eta instalatzen dituzunak fidagarriak direla ziurtatu (edo behintzat, informazio guztia izan horien gainean). Bereziki garrantzitsuak dira komunikazioari lotutako aplikazioak, hauetan ahal den kasuetan komunikazio zifratua erabiltzen dutenak dira gomendagarrienak.

  • Software librea diren aplikazioak orokorrean fidagarriagoak dira, askoz begi gehiago baitituzte gainean arazoak konpontzeko. Iturria fidagarria bada ere, aplikazio batzuek beharrezkoak ez dituzten baimenak eskatzen dituzte, eta ez da gomendagarria horiek instalatzea. Instalatuz gero, segurtasun arazoak edota informazio galera arazoak sor daitezke.

  • IMEIak (15 digituko identifikatzaileak) zure sakelakoa identifikatzen laguntzen du. Sakelako gehienetan *#06# markatuta ikus daiteke, baterian begiratuta edota haren espezifikotasunak irakurrita. Kodea apuntatu eta zure sakelakotik urrun gorde. Lapurtuz gero, lagungarria izan daiteke sakelakoa non dagoen jakiteko, baita gailua zurea dela frogatzeko ere.

Gorka Julio

2016, Martxoa 24
Arloa: Sarean