Infernuan bakarrik

Ametsak zenbaitetan urruti daude. Beste batzuetan kanpo agenteen inplikazioa behar dute. Eta beste batzuetan gauzaezin bilakatzen ditugu. Ignacio Corcuera bilbotarraren kasuan hiru joera hauek ematen dira ezbairik gabe. Auto gidariak Dakarra bukatzeko asmoa izan du bere bizitzan, eta 2015eko edizio hontan bere hirugarren saiakera gauzatu du.

Hasteko, anbulantzia gidari hau inor gutxik ezagutzen du bere izen edo abizenez. Hiriburu bizkaitarrean 'Livingstone' ezizenaz deitzen dute. Argi geratzen den bezalaxe, abentura zainetan darama, eta bere autoko gurpilen gainean ziztu bizian zeharkatzen ditu eremurik malkartsuenak. Eta abenturaren alorra muturreraino darama Livingstonek, izan ere, normalean piloto eta kopilotoaren funtzioak pilatzen dituen disziplina hontan, bakarrik gidatzen du bizkaitarrak, bidai oharren ardura bere gain hartuz, eta hamar ordu baino gehiagoko jardunaldiak bere baitan igaroz. Soilik 5 izan dira aurtengo edizio hontan bakardadearen beste lagunik gabe munduko Rally gogorrenaren ekimenari heldu diotenak. Horrela, Hego Amerikako paraje eder baina ankerren arriskuak biderkatu egiten dira.

Esperientzia ezingo zaio ukatu piloto bilbotarrari, izan ere, aurreko bi saiakeretan, Dakarraren barrenak oso gertutik ezagutu zituen. 2012an 8 etapa bukatu zituen, baina ez zuen denbora kontrola betetzea lortu. 2013an lehiaketa garratzagoa suertatu zen, izan ere, matxura elektriko batek Dakarretik kanpora utzi zuen bigarren etapa hasi baino lehen. Eta hor bukatzen zen urte hontarako ibilbidea, izan ere, 2014an saiatu bazen ere, inbertsioa burutzeko prest egon zitekeen sponsorra ez zen azaldu.

2015ari beraz adorez eta esperantzaz ekin dio Livingstonek, Buenos Airesen hasi eta bukatzen zen bira beldurgarria adarretatik hartzeko asmotan, eta sufritzeko baldintza onartuz, hori baita tamaina hontako proba burutzeko era bakarra. Bilboko udalak emandako bultzada ekonomikoa baliatuta, bere Mitsubishi Monteroa egokitu du aldaketa klimatiko bortitzenetara eta ibilbideak planteatzen dituen baldintzetara, duna beldurgarria barne. Xedea ez da aldatu denborarekin: Dakarra bukatzea, sailkapena ahaztuta.

Bada, 2015ean ere ez du bere bizitzako ametsa gauzatzea lortu Livingstonek. Bigarren etapan Atacamako basamortuan igaro behar izan zuen gaua, infernua izan zen egun batetan: 51 graduko tenperaturak eta fes fes zoruak (oso hauts finez osaturiko lurra, gidatzeko oso arriskutsua) hamarnaka parte hartzaileren erretiroa eragin zuten.

Aurten ere ez da posible izan, baina Livingstonen ezaugarria borondate suntsiezina da. Gutxi dira Dakarraren historian hiru aldiz bakarrik parte hartu dutenak. Laugarren aldiz saiatzea zoramena ote?

Iker Zabala

2015, Martxoa 17
Arloa: Kirolak