Informatikaren izua

Iker Zabala

Wikipedian dopinaren definizioa bilatuko bagenu, kirolean sustantzia edo metodo ez baimenduen erabilera litzateke. Adiera hortatik tiraka, bi dira irekitzen zaizkigun bideak, praktika hauek arbuiartzeko. Lehenik eta behin, gainontzeko lehiakideen gaineko abantaila onartezina, eta bestaldetik, norberaren osasuna arriskuan ezartzeko praktika, kirola beraren garbitasuna zalantzan jarriz. Halere, nahiz eta ezagunak ez diren, badira osasunarekin erlazionaturik ez diren dopin eta laguntza extrak, eta hortarako xakearen munduari so egitea baino ez dago, izan ere, dopin elektronikoa bezala ezagutzen denaren mamua hedatzen ari da, begi zorrotzez behatua.

Ivan Tetimov xakelari bulgariarrak azken urteak Euskal Herrian igaro ditu, Iruñako San Juan taldean integratua. 26 urterekin azken urteetan eboluzio nabarmena izan du, nahiz eta oraindik ere bere 2156 ELO puntuek euskal jokalari onenengatik urruti ezartzen duten. Halere, egunotan bere izena eremu xakezalearen erdigunean egon da, izan ere, polemika garratz baten protagonista izan da Benidorm-eko 2300 Elo puntu beheragoko txapelketan. 9. jardunaldia bukatu berri zen, eta Tetimov-ek era harrigarrian sailkapenaren lidertzan eusten zuen, oraindik ere galdu gabe, nahiz eta, teorikoki, bera baino hobeak ziren aurkariak izan zituen aurrean. Ondoren azaldu diren ahotsen arabera, zientzia fikziozko jokaldiak eginez, denbora oso laburrean hausnarketa sakona esigituko luketen posizioetatik atereaz jokatu zituen partidak Tetimov-ek. Eta susmoa zabaltzen hasi zen: Tetimov-ek belarria etengabe ukitzen zuela adierazi zuten hainbat lekukok, nolabait Iruñeako bizilagunak kanpo laguntza (alegia, ordenagailu baten analisi aukerak) erabil zezakeela iradokiz.

Bada, epaileak miatzera deitu zuenean gertatu zen kasu hontan erabakiorra suertatzen den egoera. Partida bukatzean belarriak gertutik begiratzeko beharra adierazi zioten bulgariarrari. Honek hasiera batean arazorik ez zela erantzun zuen, eta belarri bat arakatu zion epaileak, bertan egon zitekeen pinganillo baten bila. Momentu hontan zehaztu zioten, berak eginiko kontakizunaren harira, ez duela zertan horrelako prozedimendurik onartu. Beraz, bere galderari erantzunez, miaketara muzin egin dezakeela jasotzen du Tetimov-ek, nahiz eta horrek ondorioak izango dituen. Gelatik atera zen xakelaria momentu hortan.

Benidorm-eko epaileek lehiaketatik bota zuten. Ondoren adieraziriko argudioen artean, gaztelera horren ondo ez ulertzearena atera zuen mahai gainera Tetimov-ek, gertatzen zenaren informazio zehatza emango zion konfidantzazko itzultzailea ez zuela salatu zuen. Finean, frogarik tarteko egon gabe errudun epaitu dutela dio bulgariarrak.

Ezingo dugu jakin, beraz, dena gaizki ulertu handi bat baino ez den izan, edo kasu honen atzean iruzurra eta kirol izpirituaren aurkako erasoa dagoen. Edonola, disziplinaren barrenean dagoen arrisku eta ezabatu beharreko praktika delaren zalantza gutxi dago. Halere, honen aurka nola lehiatu, hori da, beti gertatzen den bezala, auziaren gakoa.

Iker Zabala

2015, Urtarrila 13
Arloa: Kirolak