Dakarrera joatea zen nire xedea, eta orain lehiaketa bukatzearekin egiten dut amets

  • Txomin Arana (Ereño, 1986) bere bizitzako abentura gauzatzear da. Dakar karrera mitikoan izango da 2014 hasteaz batera, bere Yamaha motorraren gainean.
  • Rosariotik abiatuta, Argentina, Bolivia eta Chileko herrialdeak zeharkatuko ditu aurtengo edizioak, urtarrilaren 18an Valparaisoko herrira iritsiko den arte.
  • Munduan dagoen probarik arriskutsuenetarikoa da Dakar rallya. 23 izan dira 1979tik hil diren gidariak. Haietako 16 motor gainean zioazen. 

Hilabete baino gutxiago Dakar lasterketa mitiko hori has dadin. Zeintzuk dira sentsazioak?

Nahiko urduri daramat itxaronaldia... esperientziarik gabe lehiaketa honi ekitea ez da nolanahikoa, ikusiko dugu ea uste bezain ondo doakidan.

Joan gaitezen atzera denboran une batez... demagun duela hiru urte esango nizukeela Dakarrean izango zinela...

Ez nukeen inola ere sinistuko, burutik pasa ere ez litzaidake egingo.

Nola heltzen da Dakarraren abentura hau zure bizitzara?

Duela nahikotxo iritsi zen proposamena eta azkenik uztailean heldu zitzaidan baieztapen ofiziala, Dakarraren antolakuntza beraren esku baitago. Orduan soilik hasi nintzen ulertzen posible izango zela.

Dakar karrera ezagutzen dugu sobera: nola duela urte batzuk segurtasun arazoengatik Afrikatik Hego Amerikara joan zen... zenbakiz hornituiguzu aurtengo edizioa, zein da bere bereizgarri nabarmenena?

Dakarra, Afrika zein Hego Amerikan rally ezin gogorragoa da, eta aurten 10,600 kilometro izango dira guztira, eta etapa muturreko esigentziakoak dira, 700 edo 800 kilometro dira eguneko; etapa batzuk ez dira horren gogorrak, baina edozelan 500 kilometro baino gehiago dira beti. Luzeenak 911 kilometro ditu. Pentsa zer den hemen autopistan horren distantzia luzea betetzea... eta gero eraman basamortura!

Izan ere, testuinguru anitzak izango dira aurtengoan ere. Bi adibide jartzearren, Atakamako desertua, eta Andeetako mendi inguruak. Gorputza ere egokitu behar horren egoera desberdinetan aritzeko.

Bai, duda gabe... eta ez soilik gorputza, mekanikan ere pentsatu beharra dago. Hasi eta berehala, Argentinako pasartean, maratoi etapa dugu, laguntza mekanikorik gabea, itsasoaren altuerara. Eta ondoren, Boliviara sartzean 3000 metro baino gehiagoko eremura egingo dugu salto. Motorrarentzat zein niretzat aldaketa bortitza izango da.

Eta nola egiten da testuinguru hortako prestakuntza Euskal Herriko klima desberdin hontatik?

Hasiera batean Monegrosera joan nintzen, batez ere GPSaren kontuetara ohitzeko, nabigazioa gauzatzeko eta abar... bertan esperientzia daukan hainbat pilotorekin izan nintzen. Ondoren Marokora ere joan nintzen, bi aste baino gehiago. Bertan basamortuan aritu nintzen, harearekin kontaktua ezinbesteko hartzen bainuen. Dunak pasatzea ikasi gabe ez dago Dakarrera joaterik. Rally batean ere parte hartu nuen bertan eta nahiko ondo ikusi nuen nire burua.

Arriskuen artean nagusienetarikoa aipatu berri duzu, dunak bere baitan duena. Basamortuari errespetuz ekin behar zaio...

Tranpaz beterik dagoen testuingurua da basamortua. Ez dira sekula ikusten, baina duna baten atzean zuloa egon daiteke. Gisa hontan horrenbeste kilometro egitea oso arriskutsua da. Road book-a muturreraino eraman behar da prestatuta eta etengabe zuhur jokatu.

Tenperatura gogortasunaren beste islada ere bada...

Dudarik gabe... egun batetan 40 gradutan egon gaitezke, Hego Amerikan uda baita, eta beste etapa baten, Andeetako tontor batetan 0 gradu bueltan izatea aurreikusten da. Inor ezin daiteke egokitu horren aldaketa bortitzetara, baina Dakarrari xarma ematen dion beste osagaia ere bada.

Etapa luzeak direla adierazi diguzu... lo gutxi egingo duzu probak iraun bitartean.

Kontuak atera, 700 kilometro egiteko, esaterako, 14 edo 15 ordu egingo ditugu motor gainean. Horri gaineratu behar jateko eta hurrengo eguna planifikatzeko erabili behar den denbora, bi ordu gutxienik motorrak arazorik izan ezean... bai, lo gutxi egitera behartuta egongo naiz.

Nolako xedez zoaz Dakarrera?

Helburua helmugara, Valparaisora iristea litzateke. Nire ametsa Dakarrera joatea zen, eta bertan nagoela, lasterketa bukatzea da nire xedea.

Lehen euskalduna zinateke motor gainean Dakarra bukatzen. Pizgarria ere bada hori?

Apurtxo bat bai, baina ez diot garrantzi gehiegirik ematen. Bukatzeak emango lidake poztasuna, ez ezertan lehena izateak.

Noiz zoazte Argentina ingurura?

Gabon zahar egunean dugu hartuta hegazkina, beraz abioiean bertan edo aireporturen baten ospatu beharko urte berria. Ea 2014a albiste onekin zabaltzerik badaukagun!

Iker Zabala

2014, Urtarrila 01
Arloa: Berba Bi